XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordura arte, hainbestean; baina une hartan zera etorri zitzaidan gogora, bapatean moztutako gindalesa tinkoa zaldi ostikalari bat bezain arriskutsua izan daitekeela.

Baldin eta Hispaniola-ren aingurari kablea mozteko txorakeria egiten banuen hamar bati baietz kolpeak coraclea eta biok aidean gora bidali.

Horrek geldierazi egin ninduen, eta halabeharra berriro ere neure alde jarri izan ez balitz, uko egin beharko nion nire asmoari.

Baina lehen hego-ekialdetik eta hegotik jotzen zuten haize arinak hego-mendebalderantz bihurtu ziren ilundu ondoren.

Eta hantxe hausnarrean nengoela, etorri zen haize bolada bat, hartu zuen Hispaniola bete-betean eta bultza egin zion korrontearen kontra; eta hura poza nirea kablea nire behatz artean lasatzen sentitu nuenean, eta hari heltzen zion eskua ur azpian sartu zenean segundu batez.

Horren aurrean erabaki egin nintzen; labana atera, hortzekin zabaldu eta erromalak mozten hasi nintzen banan-banan, harik eta itsasuntzia biri bakarrik lotua utzi arte.

Gero geldirik geratu nintzen, haize bolada batekin tentsioa berriro noiz lasatuko zain azken bi horiek mozteko.

Bitarte guzti horretan kabinako oihu hotsak sentituak nituen, baina, egia esan behar badut, gogoa hain neukan beste pentsamenduetan murgildua non apenas egin nien jaramonik.

Orain, ordea, beste zereginik ez nuenez, arreta haundiagoa hasi nintzaien eskaintzen.

Ahotsetako bat lemazainarena zen, garai batean Flinten artilleroa izandako Israel Handsena.

Bestea, noski, lotarako txano gorriko nire lagun harexena.

Nabarmena zen biak ala biak ere sobera edanda zeudela, eta edaten segitzen zutela gainera; ezen, entzuten ari nintzela, bietan batek, mozkor oihu batez, txopako leihoa ireki eta bota egin baitzuen zerbait kanpora: botila hutsen bat, inondik ere.

Baina ez zeuden bakarrik moxkortuta; amorrazioz sutan zeudela ere nabarmena zen.

Maldizioak kazkabarra bezalaxe jausten ziren, eta noizetik noizera halako purrustadak entzuten ziren non ni sinistuta bainengoen elkarri mutur joka bukatuko zutela.

Baina aldiro baretu egiten zen sesioa, eta ahotsek marmarka segitzen zuten (...)